2013/05/09

Eguneroko iraultza.....

Gutxitan konturatzen gara gure eguneroko erosketaren indarraz eta eraginaz.

Galdetzen al diogu akaso gure buruari zer baldintzatan ekoizten diren erositako gauza (arropa, janariak,...) guziak?.

Hausnartzen al dugu zertan datzan toki batean edo bestean erositako okelaren prezioaren aldeaz? Eta esnearena? Eta arroparena?

Nolabait esateko, produktu bakoitzari bere ADNa dagokio. ADN hori ez da begibistan baina, pixka bat arakatuz gero, lausoa urra daiteke. Hau da, jatorriaren argibideak eta osaketaren ezaugarriak aurki ditzakegu. 

Zein da jatorria? Nola ekoiztu da? Sortu al da ingurumenarekiko begirunez? Eta nolakoak izango ote dira langileen giza-ekonomiko baldintzak?.

Paul Nicholson-ek, "Via Campesina" erakundearen bozeramaleak behin adierazi zuen "eguneroko erosketa, ekintza iraultzaile bihur dezakegula". Eta egia delakoan nago.

Bai, bainan nola asmatu? Zer erosi behar da? Edo hobeto esanda, zer da erosi behar ez dena?

Sarritan erantzuna ez da erraza. Horretarako informazioaren beharra dugu, baita formakuntza ere. Hala ere, mundua nola dagoen ikusita, ez da alferrik izango, gutxienez zirrara hori buruan izatea merkatuan karrotxoa betetzerakoan. 

Erantsitako estekaren bideoak gai honetan Euskal Herriko ikuspegitik sakondu nahi du.

Interesgarria zaizuelakoan, Osasuna!!!


No hay comentarios:

Publicar un comentario